2011-12-21

ASMATU BUKAERA



Hilabete honetarako baditugu hiru lan (lan? Nork esan du lan?); tira, hilabete honetarako baditugu hiru jolas:

1.- "Ahaztuen mendekua" liburuko paragrafo bat aukeratu, kopiatu eta elkartze saioan irakurri.

2.- Blogean sentipen, iritzi, hausnarketak idatzi.

3.- Eta...


Xabier Agirre Irakurle Taldeko kideak jolas polit bat proposatu digu. Lehenengo hilabete honetan genero beltzari heldu diogunez, tankera beretsuko ipuin bat idatzi du berak... bukaera falta zaio, ordea! 
Nor animatzen da Xabierren ipuinari bukaera ematen? Ea bukaera ezberdinak biltzen ditugun. Hari berari korapilo ezberdinak egiteko aukera polita dugu aurrean! Hilabetearen bueltan ea zenbat bukaera asmatzen dizkiogun... Xabierrek prestaturiko bukaera urtarrilaren amaieran argitaratuko dugu.   Egin koxk ipuinari!  San Nicolas-eko hilketa

Eta bukaerak idatzi blogeko sarrerako iruzkinetan. Egin tira irudimenari!

6 comentarios:

  1. Polizia tabernan sartu eta tabernaren mahairik ilunenean esertzen den neska gaztearen aurrean paratu da. Bai, txoko batean bakarrik eseri eta beti ura eskatzen duen neska gazte hori, ile kizkur argia eta begi distiratsuak dituena.

    Tabernaria harritu egin da. Neska isila da iskinako mahaia betetzen duena. Botila bete ur eskatzera joaten zaionean irribarre erdiak ere oparitzen dizkio, eskupekoarekin batera. Atsegina iruditzen zaio, neska misteriotsu atsegina. Misteriotsua, batez ere, beti gainean daraman koaderno hori dela eta. Inoiz ez da tabernan sartzen koadernoa eta pare bat boligrafo gabe. Grazia egiten dio bere tabernan norbait idazten egoteak. Horregatik gustatzen zaio iskinako mahaiko neska.

    Polizia aurrean azaldu zaionean idazten jarraitu du neska gazteak, boligrafoari eusteko eskua bilura hotzen barruan eduki baino lehen azken esaldia idatzi nahiko balu bezala.

    Gero poliziak altsarazi eta bilurak jarri dizkio bi eskumuturren inguruan. Koadernoa lurrera erori zaio orduan. Neskari koadernoa bueltatzeko asmoz makurtu denean, tabernariak nahi gabe irakurri du azkeneko orrian idatzita zegoena.

    ... istorioaren amaieraren bila zebilen idazlea harrapatu egin zuten hadik bi egunera. Hiltzailea eta idazlearen izena, biak batera jakin zituen poliziak. Ezin jakin bat bestea jakin gabe. Horrela, berak ere jakin zuen bere eleberriko hiltzailea harrapatu zutela. Ipuinak sortzeaz inoiz ez zela damutuko jakinez sartu zituen idazteko erabiltzen zituen eskuak bilur hotzen artean.

    -> Ez dakit liburua irakurtzea lortuko ote dudan, baina lana idaztea bada, ni jolaserako prest!!

    Muxu potolo bat ;D

    ResponderEliminar
  2. -Inspektore jauna, oker zabiltza!-erantzun zion Koldok- Nik Emiliari ez nioke inolaz ere minik eginen, maite nuen eta!
    Polizia bikoteak elkarri so eta Koldo atxilotzen du. Koldok ez du kontra egiten, bere patua onartzen du.

    “Zauriaren gainean pikoa” pentsatu du Koldok. Neskalaguna galdu zuenetik halako zurrunbilo beltzean sartu zen. Emilia izan da bere alboan eduki duen adiskide bakarra. “Bihar ere egunak argituko du laztana” erantzuten zion eztiki Emiliak behin eta berriz, Koldok negar malkotan deitzen zionean.

    - Ezin dut! Aska nazazu inspektore jauna!Emilia maitatu, besterik ez dut egin!
    - Guztiok ergelkeri ber-berak erraten dituzue – leporatzen dio Robertok eskuburdinak tinkoago jartzen dizkion bitartean, karrikara atera nahian-. Emiliaren patrikan aurkitu dugun papera hik sinatuta zagok. Zer gehiago behar duk egia aitortzeko?
    - Arrazoi osoa daukazu inspektore jauna eta behin eta berriz gauza ber-bera aitortuko dizuet:Emilia maite nuen. Hori izan da nire delitu bakarra. Gainera, bart gauean ez naiz Emiliarekin egon, ortopedian inbentario zuelakoz.
    - Zer deritzok, Ricardo?
    - Tira,tira Roberto! – giroa lasaitu asmoz- Askazak Koldo, egia ziok eta. Bart gauean aitzurra ederra harrapatu eta etxera lagundu naik.
    - Banengoen ba, ni! Hi beti baztertuen alde!- Roberto sutan- Jaun-andreok, hona hemen munduko salbatzailea!Gauzak guztiak dakizkiena! Ba, hireak egin dik sasikumea! Aurkitutako paperak hire bulegoaren zigilua zeramaan. Zorrilla, hau ere komisaldegira.
    - Roberto, mesedez, Koldok eta Ricardok egia erran diate. Ez atxilotu, mesedez – erregutzen dio Sarak, Robertoren aurrean belaunikatuz eta begietara begira-.
    - Bazakiat ez duala oraindikan gurekikoa ahaztu, baina bada garaia gainditzeko. Oso polita izan zuan iraun zuen bitartean, baina, Roberto, lehenago edo beranduago bukatu dela onartu beharko duk.

    Egoera sinestezina dirudi. Tabernan telebistaren ttarttarra baino ez da entzuten. Guztiak zur eta lur geratu dira, zer egin ez dakitela. Robertok ezin du argi pentsatu. Emiliaren gorpua agertu zenetik ezin izan du atsedenik hartu: kasua ahalik eta lasterren argitzeko Alkatearen premia, bere nagusien konfiantza eza, bere lankideen barreak eta trufak,.. unatua da. Unatua daraman bizitzaz, goizero bakarrik esnatzeaz, benetako lagunik ez izateaz.

    Ricardo eta Sara, horiek dira Robertoren adiskide bakarrak. Sararekikoa bukatu zenetik, zulo beltz batean murgilduta dago eta bere zorigaitza haiei leporatzen die. Bere burua arindu beharra dago, ezin du hola jarraitu.

    - Nahikoa! Pikutara Alkatea eta bere sasikume guztiak! Arrazoi osoa daukan, Sara, gurea bukatu zunan eta bada garaia gainditzeko. Ezin dinat zuek gabe bizi. Nik ez dinat inoiz sinetsi Koldo izan dela, baina nagusiek estutu naiten.
    - Zorrilla, askatu nire lagunak.
    - Baina inspektore jauna, heriotza baten susmagarriak dira, ezin ditugu askatu.
    - Hi ere nire aginduak zalantzan jarri nahian, Zorrilla?Ba, begira.

    Robertok Ricardo eta Koldori eskuburdinak kendu eta zaborrontzira botatzen ditu. Poltsikotik plaka atera eta eskuburdinekin batera doa.

    - Beno Zorrilla, badakik. Orain hoa sator-zulo horretara eta erraiek nire partez antzarak ferratzera joateko!
    - Koldo, aterazak guztiondako erronda bat, hau ospatu beharra zaukaagu, lagunok!

    Zorrilla polizia-autoan urruntzen den bitartean, algara eta adiskidetasuna tabernan nagusitzen dira. Bitartean, telebistaren ttarttarra:….”Jaun-andreok, badugu Emilia Rozasen heriotzari buruzko datu gehiago: Istripu tamalgarria izan da, nonbait. Gorpua agertu den lekuan, suhiltzaileek 500 euroko billetea topatu dute. Billetea jasotzerakoan, suhiltzaile bat irrist egin, adar baten kontra buruz jo eta uretan ahuspez ziplo erori da. Bere lagunen esku hartze goiztiarrari esker, suhiltzailea onik dago. Suhiltzaileek billetea “Behartsuen Senidetxo” Zaharren Egoitzari ematea erabaki dute.”

    ResponderEliminar
  3. -Erotu egin haiz, Roberto?
    -Azkarragoa hintzela uste nian, Ricardo. Baina, nora begira bizi haiz? Sorginak beti izan dituk itxura ederrekoak.
    -Zertara zatorrek sorginaren ipuin hori?
    -Hik ere etorri beharko duk.
    -Joango nauk, bai. Ez diat Sara bakarrik utziko.
    -Hobe huen aspaldi utzi izan bahu.
    -Zer esan nahi duk?
    -Ez ziok axola. Hik jakingo duk zer egiten duan hire bizitzarekin. Baina, aztertu hitzak ongi hire azken urteak. Emilia zenbatgarrena zuan? Laugarrena? Eta isilik jarraitzen duk oraindik… Noiz aitortu behar duk Sara ederra dela, eta ongi pasatzen duala berarekin, eta hire seme-alaben ama izatea nahi duala, eta harro ibiltzen haizela pasioan berarekin, baina beste batzuei esaten dieala “maite zaitut”? Noiz aitortu behar duk?
    -Zerria…
    -Hire ezkutuko negar guztiak Argan behera zoazak aspaldian. Hi hire maitaleen hilketak ikertzen… inori hire maitaleak zirela aditzera eman gabe…
    -…
    -Eta bitartean, hik ezer susmatu ez, detektibe ederra egina hago hi. Bitartean hire Sara maitea jelosiak jota. Detektibearen etxean detektibearen maitaleen hiltzailea.
    -…
    -Orain ezin haiz etorri. Bihar etxera joango zaik bakarren bat bila epailearen aginduz. Uste diat Sarak bezainbeste kontu dituala hik ere esateko.

    Bakarrik egin zuen Ricardok etxerainoko bidea. Nabarmena zuen herrena.

    ResponderEliminar
  4. Barkatu, Irati, hire USB gizenduan sartu naun eta idatzi duana irakurtzeko tentazioa izan dinat. Bazakinat ez dagoela ongi hireak nire izenean argitaratzea baina... esango dinagu erdibana idatzi dugula?

    ResponderEliminar
  5. Aurpegi galanta daukank (oraindik ez zaki(n)at arra edo hemea haizen) hik! Tira... hurrengoan gehixeago lagundu beharko didank! Ez zaki(n)at zergatik egiten di(n)adan kasu... maitagarria haizelako izango dunk! Muxu bat!

    ResponderEliminar
  6. Iñigo Chivite, Askatasuna Institutua1/26/2012

    Herren geratu zenean bisitatu zuen Rikardok lehen aldiz Emilia Rozasen ortopedia denda. Maiz joaten zen harrezkero, eta Emilia gustuko zuela zirudien. Azken finean, guztiek zekiten ez zuela hanka batere zaintzen dendara joateko aitzakia ez galtzeko.

    Txutxumutxu guztiak egosten zituen lapikoaren barruan lan egiten zuen Koldok, tabernan. Guztia zekien. Aspalditik Sara Koldoren sentipenen jabe zen. Tabernara sartzen zen bakoitzean haren sabelean korapiloa sortzen zen, alkoholik gabeko garagardoa eskatzeko segundo laurdeneko begiradek pupilak dilatatu, zoratu egiten zuten Koldo.

    Baina Sarak Rikardo maite zuen. Nola lortuko zuen harreman hori apurtzen? Errazegia zirudien. Rikardo eta Emiliaren artekoa Sarari kontatu eta kitto.

    Inozoak...

    Aurretik behin baino gehiagotan saiatu zen, baina alferrik ari zen, benetan maitatzeen zuten elkar, eta liskarrak berehala damuz zipriztindutako gau bero bihurtzen ziren. Putzurik gabeko bide garbia izanen luke Emilia akatzearen plana betez gero.

    Azken aldian Emiliak tabernara bisita gehiegi egiten zituen, eta Sarak uneoro harekin ikusten bazuen, ez zen piztuko berak beharrezkoa zuen amodiozko txinparta, behin Rikardo kartzelan egonda noski.

    Emiliarekin geratu zen Koldo, oinean mina zuela erran eta herrenarena egin zuen etorkizunean testigu izanen zirenek ikus zezaten. Whisky botila eraman eta alkohol arrastoak utzi zituen ibai ertzeraino (guztiek zekiten Rikardok arazotxoa zuela whiskyarekin). Emilia buruan kolpatu eta hil whisky botilaz, gorputza ibaitan jaurti eta egun bat geroago norbaitek ikusiko zuen. Noski ibaiertzeko lokatzetan oin bat bestea baino gehiago hondoratzen, “hiltzailea” herrena zela bermatzeko. Biktimaren mugikorraren pantailan haren argazkia ipini zuen, eta mugikorra bereizirik utzi, harengatik eztabaidatu zutela pentsarazteko. Plan liraina...

    Bi aste geroago

    Koldoren sorbalda da Sararen malko guztiak biltzen dituena. Bere plana ongi atera da, eta laster Sararen bihotza bereganatuko duelakoan dago.
    Izutu duten hiru txalo mantso entzun ditu bere atzean.
    Bira eman eta Robertok:

    - Plan bikaina, pena da... baina, Rikardoren hanka txarra... ezkerra duk...

    ResponderEliminar