2011-12-14

LEHENENGO PAUSOA ESKUTITZ BIDEZ



Kaixo irakurzalekidelagunok!

Asteartea. 13. Abendua. Arratsaldeko seiak. Zizur. Zizur Nagusia. Liburutegia. Irakurketa taldea. Irakurleak. Zaletasuna. Euskara. Aisia. Ondo pasa...

Ikusi ez ninduzuen arren, hantxe nengoen; lotsa pixka bat ematen zidan eta atzo ezkutuan egotea erabaki nuen, ezkutuan baina, zuen artean. Konturatu ez zineten arren, berokietako baten poltsikoan egon nintzen ezkutaturik. Ilusioz. Adi. Zer entzungo jakin-minez... Badakit itsusia dela ezkututik besteek esaten dutena entzuten egotea, baina, panpinok ez dakigu oso ongi bereizten itsusia zer den eta zer ez den. Niri polita iruditu zitzaidan ikusi eta entzun nuen guztia. Oso ederra.

Polita iruditu zitzaidan Eiderrek Blanca irakurketa taldean parte hartzera nola animatu zuen entzutea; eta ezustean Amaiarekin topo egin eta bera ere taldera elkartzea; eta Itziar liburutegira bizikletaz iristea; eta Ana liburutegiz liburutegi bidea egiten ibiltzea; eta Pilukak ikasle, guraso eta irakasleak elkartzea zein aberatsa den aipatzea; eta Helenak baietz, "saiatuko gara" animotsu esatea; eta Pablo liburuz beteriko poltsa batekin liburutegian barrura sartzen ikustea; eta Martak irakurzaletasuna dantzarekin eta historiarekin uztartzea; eta Txarok poesiaz (eta afariaz) hitz egitea; eta Dani argazki makinaren aurrean irribarretsu sumatzea; eta Irati emozioez eta elkarbizitzaz, entzuteaz eta elkar aberasteaz aritzea; eta Mariari ahaleginerako gogoa begiradan antzematea; eta Nerea, Gorka eta Irati ordulariari tiraka bada ere, "bai, guk ere hemen egon nahi dugu" esan nahiz hurbiltzea; eta Carmen, Xabi, Nerea, Gorka, Belen, Esteve, Aitor, Eider, Ainhoa, Rakel, Juana... atzo liburutegira hurbildu ez arren, taldean parte hartzeko gogotsu daudela jakitea. Polita iruditu zitzaidan. Oso ederra. 

Ba, neska-mutilok...  ni dagoeneko hasi naiz lehenengo liburua (Ahaztuen mendekua) irakurtzen. Zuekin batera hilero-hilero elkartu nahiko nuke berokiko poltsikotik kanpora tokitxo bat egiten badidazue bederen. Eta bitartean... urtarrilera bitartean... hementxe topatuko nauzue zuen iruzkinen zain jolasteko gogoz.  Atea zabaldu dugu eta bestaldean... argia nabari da. Gozatu... eta izan zoriontsu!

Ezpain berdezko muxu potolo bana, 

                                                                                             TTARTTAR

 



10 comentarios:

  1. Ekimen bikaina, benetan. Handia da ikasle, irakasle eta gurasoak zer eta liburuen inguruan biltzea. Saiatuko naiz ni ere alde edo moldez zuetako bat izaten. Bejondeizuela, eta segi ttarttarrean!

    ResponderEliminar
  2. Ni ere begira izan nintzen, eta aditzen. Begira abenduaren hamahiruari. Zizurri. Liburutegiari. Orriei. Irribarreei. Hitzei. Ilusioari. Elkarlanari. Sentipenei. Abenduaren hamahiruari begira abenduaren hamabostetik. Eta irribarre eragin didazue. Irribarre nire irakurle-idatzizale begietan. Mila esker. Eta... saiatuko naiz datorren hilabetean ere hurbiltzen, etxerako lanak eginda beharbada.

    Muxu literotu bat

    ResponderEliminar
  3. Kaixo: Buff Hau zaia izango da niretzat baina Irati optimismoa ikusterakoan jarraitu saiatuko naiz. Hasi naiz liburu irakurtzen eta oso interesgarria da. Mx.

    ResponderEliminar
  4. Badakit liburua irakurriko duzula, Ekaitz! Zure ekarpenen zain izango gara! Internetek distantziak laburtzen ditu eta... bertan sentituko zaitugu!

    ResponderEliminar
  5. Beharbadarik gabe, Miru! Erotasunak hori dakar... pausoa ziurtasunez ematea!

    Muxu potolo bat!

    ResponderEliminar
  6. Bejondeizula, Blanca! Aldamenean duzun neskatila gazteak egingo dizu bultza!

    Mx? Izaki berdexkok ez dugu hizkera hori ulertzen! ;-)

    Ona izango delakoan... Mx handi bat zuretzako ere!

    ResponderEliminar
  7. Mahai gaineko liburu guztiak hartu dizkidazue eta batere gabe gelditu naiz! ;-D

    ResponderEliminar
  8. Eon hadi lo ta jango den me! ;-P

    ResponderEliminar
  9. Ez, ez da erreza ikastetxe baten hiru estamenduak elkarrekin jartzea, eta are gutxiago, halako proiektu baten inguruan, beraz, lehenik eta behin, ZORIONAK! egitasmoa guztiz aberatsa eta mundiala delako.Distantziatik, Goierritik, bat egin nahi dut napar talde zoragarri horrekin eta hementxe izango naiz: irakurri, komentatu, ekarpenak egin, eta emozioak zuekin batera partekatuz.Urte Zar On eta Urte Berri Hobeago Bat.

    ResponderEliminar
  10. Zain izango gara, Mekola! Liburuek horretarako ere balio dute... distantziak laburtzeko! Urte Berri On!

    ResponderEliminar