2011-12-21

ASMATU BUKAERA



Hilabete honetarako baditugu hiru lan (lan? Nork esan du lan?); tira, hilabete honetarako baditugu hiru jolas:

1.- "Ahaztuen mendekua" liburuko paragrafo bat aukeratu, kopiatu eta elkartze saioan irakurri.

2.- Blogean sentipen, iritzi, hausnarketak idatzi.

3.- Eta...


Xabier Agirre Irakurle Taldeko kideak jolas polit bat proposatu digu. Lehenengo hilabete honetan genero beltzari heldu diogunez, tankera beretsuko ipuin bat idatzi du berak... bukaera falta zaio, ordea! 
Nor animatzen da Xabierren ipuinari bukaera ematen? Ea bukaera ezberdinak biltzen ditugun. Hari berari korapilo ezberdinak egiteko aukera polita dugu aurrean! Hilabetearen bueltan ea zenbat bukaera asmatzen dizkiogun... Xabierrek prestaturiko bukaera urtarrilaren amaieran argitaratuko dugu.   Egin koxk ipuinari!  San Nicolas-eko hilketa

Eta bukaerak idatzi blogeko sarrerako iruzkinetan. Egin tira irudimenari!

2011-12-20

AHAZTUEN MENDEKUA


Zer ezkutatzen ote dute itxita dauden begi horiek? Zergatik ditu neskatilak (neskatila emakumetua ote?) masaila gorriak? Hotza du? Lotsatuta dago? Pentsatzen ari al da? Lo dago? Hilda? Zer ari da amesten? Nork hil du? Eta argazkiko arrasto beltz gorrizta horiek? Odol lehortua izan daiteke? Eguzkia da han goiko argia? Odol arteko egunetan ere eguzkia ekialdetik esnatzen da? Itxita dauden begiek nabaritzen al dute argia? 



Egin hozka argiari, egin zirri masaila gorriei, egin hazka arrasto odoleztatuei...eta bizi, sentitu, ulertu itxita dauden begi horien bestaldean dagoena. 

Partekatu zure iritzi, sentipen, oroitzapen eta hausnarketak... zureekin gureak aberastu  nahi ditugu!

2011-12-14

LEHENENGO PAUSOA ESKUTITZ BIDEZ



Kaixo irakurzalekidelagunok!

Asteartea. 13. Abendua. Arratsaldeko seiak. Zizur. Zizur Nagusia. Liburutegia. Irakurketa taldea. Irakurleak. Zaletasuna. Euskara. Aisia. Ondo pasa...

Ikusi ez ninduzuen arren, hantxe nengoen; lotsa pixka bat ematen zidan eta atzo ezkutuan egotea erabaki nuen, ezkutuan baina, zuen artean. Konturatu ez zineten arren, berokietako baten poltsikoan egon nintzen ezkutaturik. Ilusioz. Adi. Zer entzungo jakin-minez... Badakit itsusia dela ezkututik besteek esaten dutena entzuten egotea, baina, panpinok ez dakigu oso ongi bereizten itsusia zer den eta zer ez den. Niri polita iruditu zitzaidan ikusi eta entzun nuen guztia. Oso ederra.

Polita iruditu zitzaidan Eiderrek Blanca irakurketa taldean parte hartzera nola animatu zuen entzutea; eta ezustean Amaiarekin topo egin eta bera ere taldera elkartzea; eta Itziar liburutegira bizikletaz iristea; eta Ana liburutegiz liburutegi bidea egiten ibiltzea; eta Pilukak ikasle, guraso eta irakasleak elkartzea zein aberatsa den aipatzea; eta Helenak baietz, "saiatuko gara" animotsu esatea; eta Pablo liburuz beteriko poltsa batekin liburutegian barrura sartzen ikustea; eta Martak irakurzaletasuna dantzarekin eta historiarekin uztartzea; eta Txarok poesiaz (eta afariaz) hitz egitea; eta Dani argazki makinaren aurrean irribarretsu sumatzea; eta Irati emozioez eta elkarbizitzaz, entzuteaz eta elkar aberasteaz aritzea; eta Mariari ahaleginerako gogoa begiradan antzematea; eta Nerea, Gorka eta Irati ordulariari tiraka bada ere, "bai, guk ere hemen egon nahi dugu" esan nahiz hurbiltzea; eta Carmen, Xabi, Nerea, Gorka, Belen, Esteve, Aitor, Eider, Ainhoa, Rakel, Juana... atzo liburutegira hurbildu ez arren, taldean parte hartzeko gogotsu daudela jakitea. Polita iruditu zitzaidan. Oso ederra. 

Ba, neska-mutilok...  ni dagoeneko hasi naiz lehenengo liburua (Ahaztuen mendekua) irakurtzen. Zuekin batera hilero-hilero elkartu nahiko nuke berokiko poltsikotik kanpora tokitxo bat egiten badidazue bederen. Eta bitartean... urtarrilera bitartean... hementxe topatuko nauzue zuen iruzkinen zain jolasteko gogoz.  Atea zabaldu dugu eta bestaldean... argia nabari da. Gozatu... eta izan zoriontsu!

Ezpain berdezko muxu potolo bana, 

                                                                                             TTARTTAR

 



2011-12-04

IRAKURKETA PLAZER ITURRI


Irakurri eta kateatu zaituen esaldi hori, ezagutu eta maitemindu zaituen pertsonaia hori, harrapatu zaituen pasarte hori, jakin-mina sortu dizun idazle hori… sentipen, iritzi, hausnarketa horiek partekatzeko txokoa, euskararekin jolas egitekoa; ikasle, guraso eta irakasleen artean, aisia gozamen bide bihurtzeko aukera polita! 



Euskarazko liburuen irakurketa taldean
parte hartu nahi duzu?


Abenduaren 13an Zizur Nagusiko liburutegian elkartuko gara arratsaldeko 18:00etan. Asmoa… hilero liburu bat irakurriz gozatzea, hilean behin elkartu eta liburuaz hitz egitea, euskal literatura ezagutzea… 



HELBURUAK:

1.   Euskaraz idatzitako obrak eta euskal idazleak ezagutzea.

2.   Irakurritakoak sortutako hausnarketak partekatzea.

3.   Irakurketarekin gozatzea.

4.   Musikaz lagunduta irakurketa saioak egitea.

5.   Euskaraz aritzeko elkargune bat sortzea.

6.   Hezkuntza komunitateko hiru estamentuak elkartuko dituen txoko bat eraikitzea.

7.  

8.   …eta irakurketak sormenera garamatzanez…

9.   … nork daki…

10.   … ikasitakotik… elkarrekin elkarrentzako sorkuntza lanak prestatzea…

URTEAN ZEHARREKO ANTOLAKETA:

§       Lehenengo bilera abenduaren 13an arratsaldeko seietan

§    Hilean behin elkartuko gara: lehenengo bilera horretan adostu ditzakegu egun-orduak

§    Hilean behin liburu bat irakurriko dugu; ahal dela irakurketa saiora idazlea bera ekartzen saiatuko gara

§    Blog batean hilean zehar liburua irakurri ahala sortutako sentsazioak, burutapenak… idazteko aukera izango da.