2012-04-20

UXUE ALBERDIrekin solasean


-         -  Uxue, kontaiguzu, labur-labur bada ere, zure umetako jolasen bat…

    Txarra nintzen taldeko-kiroletan; hitz egitea, kantatzea, mimika eta antzerkia egitea... halakoak gustatzen zitzaizkidan. Eta bereziki abila nintzen aulki-jokoan eta pañuelitosetan. Nire lekuababestu beharra sentitzen nuen nonbait...

-    Zenbat dira mila urte baino gehiago?
 
Hogei-hogei. Infinitua.

-        -   Aulki bat kentzen denean, hutsunea zerk betetzen du?

Heriotzaren hutsunea bizitzak betetzen du. Gure aulkia beste batek jasoko du eta dantzatuko du... harik eta aulkia beste bati pasatzeko ordua iristen zaion arte. 

-          - Lore moreak dituen soinekoak zenbateko indarra du?

Niretzat, handia. Amarengandik eta izebarengandik jaso nuen feminismoa, eta liburu, elkarrizketa, bertso-saio, lagun eta bizipen askorekin elikatu da, elikatzen da. Naizena ulertzen eta nolakoa izan nahi dudan pentsatzen laguntzen dit soineko horrek eta konplize egiten nau munduko emakume guztiekiko. Konpañia noblea da hori.

-          - Uxue ere jolasean ibili zen liburua idatzi zuen garaian? Zu ere esertzen zinen Teresa, Martiña eta Eulaliren ondoan?

Jolasean hasi eta lanean amaitzen du idazleak. Ordu asko izan ziren, batzuk ikaragarri ederrak eta beste asko gogorrak, baina droga gogorra da literatura... Beti itzultzen naiz. Eta bai, Teresa, Martiña, Eulali, Eutimio... bidelagun izan nituen. Getariako Getariano gozotegian elkartzen da oraindik gure aiton-amonen kuadrilla, gero eta aulki gutxiago geratzen diren arren.

-          - Aulki-jokorako kantu bat?

Salto egiteko gogoa ematen duen edozein kalejira.

Mila esker!
Zuei

2012-04-03

AULKI JOKOA




Aulki bat desagertzen denean, ipurdi bat umezurtz gelditzen da? Aulki bat desagertzen denean, zirkuluak zirkulu izateari uzten dio? Aulki bat desagertzen denean, zergatik jarraitzen du musikak jolasean? Badira zorabiatzen ez diren jolasak; aspertzen ez diren momentuak; nekatzen ez diren pausoak. Badira etorkizun bihurtzen diren umetako oroitzapenak. Nik umetan... nik umetan jolastu egiten nuen eta gero jolasten jarraitzen nuen eta jolasteari utzi ondoren ere, jolastu egiten nuen. Eta jolasteaz aspertzen nintzenean, jolastu egiten nuen. Jolasten dakien umeak aspertzen ere badaki. Eta aspertzen jakitea dagoen jolasik ederrenetakoa da.


Nik umetan...


Liburua irakurri bitartean egin tira zure oroitzapenei eta hitz egin iezaguzu gogoan iltzatuta gelditu zaizun umetako jolas hartaz...

2012-03-09

ALTXORRAREN BILA




 Atzo bila ibili beharrik gabe Zizur Nagusiko liburutegian aurkitutako altxorrak. Hizpide Vredaman, hizpide Unai, hizpide heriotza, hizpide emakume eta gizonak, hizpide martxoak 8, hizpide hasi eta bukatzen ez dena, hizpide haurtzaroa, hizpide garena eta izan nahi duguna, hizpide geure ispilua... Irakurle taldeak bildutako altxorra:

- Sekulako harrikada dute pertsonaiek... baina, hotz-hotzean pentsatzen jarrita... ez al dugu denok bakoitzak bere harrikada?

- Baina, Bihar zer da? Zenbateko etorkizuna du Bihar horrek? Benetan hogeita lau ordu daude gaurtik biharra? Ume baten ordulariak zenbateko pausoak ematen ditu? Eta heldu baten ordulariak? Noiz iristen da Bihar?

- Zoroak ondoan bizitza ordenatuko dion norbait behar du. Bai?

- Besteen begietan heriotzaren pisua ikustea...

- Ez al dugu inoiz mahaipean jolastu? Mahaipeko mundua... aterkipekoa?

- Nahi duguna lor dezakegu. Amestu duguna. Zoroa behar da izan horretarako?

- Pilukak amets egin zuen Piedadekin. Ez da ederra?

- Aitak Erroman du izena. Baina, ama... nor da ama? Ama ama da! 

- Bai, bai... nahi duzuna egingo dizut, baina, nire modura. To! Bistakoa da horrek atzean duena, ezta?

- ...

- Eta hizpide izan genuen: Oteiza
- eta Saramago
- eta Kakalardoaren belarriak
- eta El vestidor del emperador
- eta El abogado del diablo
- eta ...

Eta elkarrengandik gertuago sentitu ginen atzo Itziar, Maria, Carmen, Ana, Piluka, Marta, Txaro, Dani, Helena, Edurne, Pablo, Irati, Juana eta Irati. Hitzak, irudimena, istorioak, zorakeriak eta batez ere irribarreak partekatu ditugulako Vredaman esku artean izan dugun denbora tartean. Orain gertuago sentitzen gara. Elkarrengandik. Eta Unairengandik. Gertuago.


2012-03-05

UNAI ELORRIAGArekin solasean


 

-  Ze zoro klase bizi zen 1927an? galdetzen dio Mateok bere buruari… ze zoro klase bizi gara 2012an? galdetzen diogu Unairi…


Nahiz eta eguneroko bizitzan Merkel baino zuhurrago eta zentzudunagoa izan, idaztera esertzen garenean zoramen-erreserbak zabaldu behar ditugu. Nik zortea eduki dut, aitite-amama, izeko-osaba eta herriko jendearengan topatu dut zoro puntu hori.

-         Umea beti ume?
Bada munduan ume izateari nahi baino lehenago uzten dionik. Guk, ordea, munduko
parte honetan, zortea izan dugu horretan ere: ume eta hilezkor izan gara ume ginen
sasoian.


-         Zenbat libelula harrapatu ditu Unaik?
Nahi baino gutxiago. Bi-hiru beharbada. Baina horretan ari naiz oraindik ere, egunero
irakurtzen dut, galdetzen diet nik baino gehiago dakitenei, munduari begiratzen diot
etengabe… Hil orduko, bost libelula izatera heldu nahiko nuke.
 
     -         Izenik gabeko kortxoetan zer idatziko zenuke?

      XII. mendeko kantu apokrifo bat.

     -         Errugbi baloi bat marraztu daiteke golf pilota batean?

Hori da dirua, boterea eta indarra daukatenei egin dakiekeen burlarik handiena, golfa (eta golfoak) dauden lekuan errugbia (edo esku pilota) jarri. Baina kontuz, ez da hain erraza: batzuetan herrikoa dena, errugbia esaterako, kontrako aldearena bihur liteke, Hego Afrikan esaterako.


     -         Zenbat irribarre daude marraztuta Vredaman-en orrialdeetan?
 Ahalegina egin dut irribarreak han eta hemen marrazteko, baina sarritan ez da asmatzen: gela bateko iluntasun eta bakardadean egiten den ustezko irribarre hori, mespretxu keinu izan daiteke irakurlearen ahoan. Edo aldrebes. Ogibide arraroa daukagu, ahobide arraroagoa.

-         Vredaman; zergatik? Bi hitzetan azaltzerik bai? Bi hitz.

Aita-semeak.

Mila esker!
Zuei

2012-01-31

VREDAMAN


Sei oinetakotan sei oin kabitzen dira? Norenak dira oinetakoak? Oinetakoaren koloreak ba al du erlazioarik oinetako horiek jantzi dituen mutikoaren (edo neskatoaren) begien kolorearekin? Aterkia hain handia da? Euria ari du? Elurra akaso? Aterkipean dauden mutikoak (edo neskatoak, edo aitonak, edo amonak, edo irakasleak, edo...) ilehoriak dira? Beltzaranak? Betaurrekoak dituzte? Zer ezkutatzen dute? Zerbait ezkutatzen dute? Elkarri muxuka ari dira? Hiruretakoren bat negarrez ari da? Hiru daude? Eta gabardinak zenbat pisatzen du? Vredaman nor da? Vreda izena duen gizona? Unaik kaxoian ezkutuan zuen argazkietako bat ote da liburuaren azala?

Liburua irakurtzen hasi aurretik egin tira zure irudimenari eta irudikatu irudiak atzean ezkutatzen duen istorio txikia...

2012-01-18

IRITSI DA BUKAERA...

...

...

...

...

Iritsi da, iritsi da! Xabi ikasleekin elkartu bildutako ideiak borobildu eta iritsi da bukaera! Miru, Pablo eta Iratik idatzitakoarekin batera... honatx laugarren bukaera, istorioa proposatu zigunak berak idatzia.