UXUE ALBERDI
Kritiken hemeroteka
Literaturaren Zubitegia
Argian
Mahatserriko Irakurlearen Tartean
UXUE ALBERDIREKIN SOLASEAN
-
Uxue,
kontaiguzu, labur-labur bada ere, zure umetako jolasen bat…
Txarra nintzen taldeko-kiroletan; hitz egitea,
kantatzea, mimika eta antzerkia egitea... halakoak gustatzen zitzaizkidan. Eta
bereziki abila nintzen aulki-jokoan eta
pañuelitosetan. Nire lekuababestu beharra sentitzen nuen nonbait...
- Zenbat dira mila urte baino gehiago?
Hogei-hogei. Infinitua.
-
Aulki
bat kentzen denean, hutsunea zerk betetzen du?
Heriotzaren hutsunea bizitzak betetzen du. Gure aulkia beste batek jasoko
du eta dantzatuko du... harik eta aulkia beste bati pasatzeko ordua iristen
zaion arte.
-
Lore
moreak dituen soinekoak zenbateko indarra du?
Niretzat, handia. Amarengandik eta izebarengandik jaso nuen feminismoa, eta
liburu, elkarrizketa, bertso-saio, lagun eta bizipen askorekin elikatu da,
elikatzen da. Naizena ulertzen eta nolakoa izan nahi dudan pentsatzen laguntzen
dit soineko horrek eta konplize egiten nau munduko emakume guztiekiko. Konpañia
noblea da hori.
-
Uxue
ere jolasean ibili zen liburua idatzi zuen garaian? Zu ere esertzen zinen
Teresa, Martiña eta Eulaliren ondoan?
Jolasean hasi eta lanean amaitzen du idazleak. Ordu asko izan ziren, batzuk
ikaragarri ederrak eta beste asko gogorrak, baina droga gogorra da
literatura... Beti itzultzen naiz. Eta bai, Teresa, Martiña, Eulali, Eutimio...
bidelagun izan nituen. Getariako Getariano
gozotegian elkartzen da oraindik gure aiton-amonen kuadrilla, gero eta aulki
gutxiago geratzen diren arren.
-
Aulki-jokorako
kantu bat?
Salto egiteko gogoa ematen duen edozein kalejira.
Mila esker!
Zuei
UNAI ELORRIAGA
Kritiken hemeroteka
Elkarrizketa eibar.org-en
Litteraetxe
Literaturaren Zubitegian
UNAI ELORRIAGAREKIN SOLASEAN
- Ze zoro klase bizi zen 1927an? galdetzen dio Mateok bere buruari… ze zoro klase bizi gara 2012an? galdetzen diogu Unairi…
Nahiz eta eguneroko bizitzan Merkel baino zuhurrago eta
zentzudunagoa izan, idaztera esertzen garenean zoramen-erreserbak zabaldu
behar ditugu. Nik zortea eduki dut, aitite-amama, izeko-osaba eta herriko
jendearengan topatu dut zoro puntu hori.
- Umea beti ume?
Bada munduan ume izateari nahi baino lehenago uzten dionik. Guk,
ordea, munduko
parte honetan, zortea izan dugu horretan ere: ume eta
hilezkor izan gara ume ginen
sasoian.
- Zenbat libelula harrapatu ditu Unaik?
Nahi baino gutxiago. Bi-hiru beharbada. Baina horretan ari naiz
oraindik ere, egunero
irakurtzen dut, galdetzen diet nik baino gehiago
dakitenei, munduari begiratzen diot
etengabe… Hil orduko, bost
libelula izatera heldu nahiko nuke.
- Izenik gabeko kortxoetan zer idatziko zenuke?
XII. mendeko kantu apokrifo bat.
- Errugbi baloi bat marraztu daiteke golf pilota batean?
Hori da dirua, boterea eta indarra daukatenei egin dakiekeen
burlarik handiena, golfa (eta golfoak) dauden lekuan errugbia (edo esku
pilota) jarri. Baina kontuz, ez da hain erraza: batzuetan herrikoa dena,
errugbia esaterako, kontrako aldearena bihur liteke, Hego Afrikan
esaterako.
- Zenbat irribarre daude marraztuta Vredaman-en orrialdeetan?
Ahalegina egin dut irribarreak han eta hemen marrazteko, baina
sarritan ez da asmatzen: gela bateko iluntasun eta bakardadean egiten den ustezko
irribarre hori, mespretxu keinu izan daiteke irakurlearen ahoan. Edo
aldrebes. Ogibide arraroa daukagu, ahobide arraroagoa.
- Vredaman; zergatik? Bi hitzetan azaltzerik bai? Bi hitz.
Aita-semeak.
Mila esker!
Zuei
Sustatun
ALBERTO LADRONEKIN
SOLASEAN
-
Genero beltza zer da, tinta beltzez idazten den zerbait
beltza?
Argumentuak eta kontatzeko moduak zehazten dute
genero beltza. Askotan bezala, errazagoa da genero beltza ezagutzea nobela
batean, definizio zehatz bat ematea baino. Dena den, nire nobeletan genero
beltzaz baino nahiago izaten dut suspentseaz hitz egitea, horixe izaten baita
istorioen ezaugarri nagusia.
-
Hasiera batek badu zentzua bukaera oraindik asmatu gabe
dagoenean?
Nire kasuan ez behintzat. Beti saiatzen naiz
amaieratik abiatzen eta bukaera horren arabera, nobelaren gainerakoa antolatu.
Egia da batzuetan, idatzi bitartean, beste ideia batzuk bururatu, hobetzat jo,
eta hasierako amaiera hura aldatu egiten dela, baina merezi izaten du.
Seguruenik amaieratik abiatzeak lan handia eskatuko du, baina nire ustez
amaiera borobil batek gustura uzten ditu irakurleak. Idazleak bere lana egin
duelako inpresioa ematen du, ez duela istorioa nolanahi amaitu nahi izan. Egun
ez da erraza irakurlea txunditzea, ezin zara mugatu hiltzailea nor zen
argitzera, garunak urtu egin behar dituzu sorpresak emateko.
-
Idazlea da protagonistaren pausoen atzetik jartzen dena
edo protagonistak jarraitzen ditu idazlearen pausoak?
Protagonistak eta nobelan agertzen diren gainerako
pertsonaiak egilearen mende daude. Haien zoritxarrerako, genero beltzean hori
nahiko arriskutsua baita. Batzuetan idazleei entzuten zaie pertsonaiak beren
kasa hasten zaizkiela, ez dietela men egin nahi eta halakoak, baina nago hori
idazte prozesua den baino modu erakargarriagoan aurkezteko ahalegina besterik
ez dela...
-
Ahaztuak ere izan dezake mendeku gosea… eta mendeku gosea
ahaztu daiteke?
Biak. Ahazturiko jendea amorrua har dezakete ahaztu
zutenen kontra. Baztertuek baztertzaileen kontra, behekoek goikoen kontra.
Baina biziko bagina, ezin bizitza osoa mendeku gosez egin. Nolanahi ere,
literaturaren munduan -eta genero beltzean are gehiago-, mendekuak joko handia
ematen du. Thriller hoberenetako batzuk mendekuaren ideian oinarrita daude.
-
Zizur Nagusia eskenatoki egokia izan daiteke nobela beltz
baten tramarako?
Ohituta gaude halako istorioak EBetako hiri
handietan girotuta ikustera, baina azken bolada honetan Eskandinaviako idazleek
erakutsi digute thriller bikainak idatz daitezkeela istorioak Europako
herrialderik lasaienetan girotuz. Eta zoritxarrez, Nafarroako bazterretan ez
dugu istorio beltzetarako osagairik falta: droga, era guztietako bortizkeria,
politikari ustelak... askoz gutxiagorekin istorio bikainak.
-
Libururen bat gomendatuko diguzu? Gai zinateke BOST
hitzetan zergatik aukeratu duzun azaltzeko…
“Aurpegirik gabeko hiltzaileak” (H. Mankell):
detektibe bikain baten lehenbiziko istorioa.
Mila esker!
Zuei
No hay comentarios:
Publicar un comentario