2012-03-09

ALTXORRAREN BILA




 Atzo bila ibili beharrik gabe Zizur Nagusiko liburutegian aurkitutako altxorrak. Hizpide Vredaman, hizpide Unai, hizpide heriotza, hizpide emakume eta gizonak, hizpide martxoak 8, hizpide hasi eta bukatzen ez dena, hizpide haurtzaroa, hizpide garena eta izan nahi duguna, hizpide geure ispilua... Irakurle taldeak bildutako altxorra:

- Sekulako harrikada dute pertsonaiek... baina, hotz-hotzean pentsatzen jarrita... ez al dugu denok bakoitzak bere harrikada?

- Baina, Bihar zer da? Zenbateko etorkizuna du Bihar horrek? Benetan hogeita lau ordu daude gaurtik biharra? Ume baten ordulariak zenbateko pausoak ematen ditu? Eta heldu baten ordulariak? Noiz iristen da Bihar?

- Zoroak ondoan bizitza ordenatuko dion norbait behar du. Bai?

- Besteen begietan heriotzaren pisua ikustea...

- Ez al dugu inoiz mahaipean jolastu? Mahaipeko mundua... aterkipekoa?

- Nahi duguna lor dezakegu. Amestu duguna. Zoroa behar da izan horretarako?

- Pilukak amets egin zuen Piedadekin. Ez da ederra?

- Aitak Erroman du izena. Baina, ama... nor da ama? Ama ama da! 

- Bai, bai... nahi duzuna egingo dizut, baina, nire modura. To! Bistakoa da horrek atzean duena, ezta?

- ...

- Eta hizpide izan genuen: Oteiza
- eta Saramago
- eta Kakalardoaren belarriak
- eta El vestidor del emperador
- eta El abogado del diablo
- eta ...

Eta elkarrengandik gertuago sentitu ginen atzo Itziar, Maria, Carmen, Ana, Piluka, Marta, Txaro, Dani, Helena, Edurne, Pablo, Irati, Juana eta Irati. Hitzak, irudimena, istorioak, zorakeriak eta batez ere irribarreak partekatu ditugulako Vredaman esku artean izan dugun denbora tartean. Orain gertuago sentitzen gara. Elkarrengandik. Eta Unairengandik. Gertuago.


2012-03-05

UNAI ELORRIAGArekin solasean


 

-  Ze zoro klase bizi zen 1927an? galdetzen dio Mateok bere buruari… ze zoro klase bizi gara 2012an? galdetzen diogu Unairi…


Nahiz eta eguneroko bizitzan Merkel baino zuhurrago eta zentzudunagoa izan, idaztera esertzen garenean zoramen-erreserbak zabaldu behar ditugu. Nik zortea eduki dut, aitite-amama, izeko-osaba eta herriko jendearengan topatu dut zoro puntu hori.

-         Umea beti ume?
Bada munduan ume izateari nahi baino lehenago uzten dionik. Guk, ordea, munduko
parte honetan, zortea izan dugu horretan ere: ume eta hilezkor izan gara ume ginen
sasoian.


-         Zenbat libelula harrapatu ditu Unaik?
Nahi baino gutxiago. Bi-hiru beharbada. Baina horretan ari naiz oraindik ere, egunero
irakurtzen dut, galdetzen diet nik baino gehiago dakitenei, munduari begiratzen diot
etengabe… Hil orduko, bost libelula izatera heldu nahiko nuke.
 
     -         Izenik gabeko kortxoetan zer idatziko zenuke?

      XII. mendeko kantu apokrifo bat.

     -         Errugbi baloi bat marraztu daiteke golf pilota batean?

Hori da dirua, boterea eta indarra daukatenei egin dakiekeen burlarik handiena, golfa (eta golfoak) dauden lekuan errugbia (edo esku pilota) jarri. Baina kontuz, ez da hain erraza: batzuetan herrikoa dena, errugbia esaterako, kontrako aldearena bihur liteke, Hego Afrikan esaterako.


     -         Zenbat irribarre daude marraztuta Vredaman-en orrialdeetan?
 Ahalegina egin dut irribarreak han eta hemen marrazteko, baina sarritan ez da asmatzen: gela bateko iluntasun eta bakardadean egiten den ustezko irribarre hori, mespretxu keinu izan daiteke irakurlearen ahoan. Edo aldrebes. Ogibide arraroa daukagu, ahobide arraroagoa.

-         Vredaman; zergatik? Bi hitzetan azaltzerik bai? Bi hitz.

Aita-semeak.

Mila esker!
Zuei