2012-04-20

UXUE ALBERDIrekin solasean


-         -  Uxue, kontaiguzu, labur-labur bada ere, zure umetako jolasen bat…

    Txarra nintzen taldeko-kiroletan; hitz egitea, kantatzea, mimika eta antzerkia egitea... halakoak gustatzen zitzaizkidan. Eta bereziki abila nintzen aulki-jokoan eta pañuelitosetan. Nire lekuababestu beharra sentitzen nuen nonbait...

-    Zenbat dira mila urte baino gehiago?
 
Hogei-hogei. Infinitua.

-        -   Aulki bat kentzen denean, hutsunea zerk betetzen du?

Heriotzaren hutsunea bizitzak betetzen du. Gure aulkia beste batek jasoko du eta dantzatuko du... harik eta aulkia beste bati pasatzeko ordua iristen zaion arte. 

-          - Lore moreak dituen soinekoak zenbateko indarra du?

Niretzat, handia. Amarengandik eta izebarengandik jaso nuen feminismoa, eta liburu, elkarrizketa, bertso-saio, lagun eta bizipen askorekin elikatu da, elikatzen da. Naizena ulertzen eta nolakoa izan nahi dudan pentsatzen laguntzen dit soineko horrek eta konplize egiten nau munduko emakume guztiekiko. Konpañia noblea da hori.

-          - Uxue ere jolasean ibili zen liburua idatzi zuen garaian? Zu ere esertzen zinen Teresa, Martiña eta Eulaliren ondoan?

Jolasean hasi eta lanean amaitzen du idazleak. Ordu asko izan ziren, batzuk ikaragarri ederrak eta beste asko gogorrak, baina droga gogorra da literatura... Beti itzultzen naiz. Eta bai, Teresa, Martiña, Eulali, Eutimio... bidelagun izan nituen. Getariako Getariano gozotegian elkartzen da oraindik gure aiton-amonen kuadrilla, gero eta aulki gutxiago geratzen diren arren.

-          - Aulki-jokorako kantu bat?

Salto egiteko gogoa ematen duen edozein kalejira.

Mila esker!
Zuei

2012-04-03

AULKI JOKOA




Aulki bat desagertzen denean, ipurdi bat umezurtz gelditzen da? Aulki bat desagertzen denean, zirkuluak zirkulu izateari uzten dio? Aulki bat desagertzen denean, zergatik jarraitzen du musikak jolasean? Badira zorabiatzen ez diren jolasak; aspertzen ez diren momentuak; nekatzen ez diren pausoak. Badira etorkizun bihurtzen diren umetako oroitzapenak. Nik umetan... nik umetan jolastu egiten nuen eta gero jolasten jarraitzen nuen eta jolasteari utzi ondoren ere, jolastu egiten nuen. Eta jolasteaz aspertzen nintzenean, jolastu egiten nuen. Jolasten dakien umeak aspertzen ere badaki. Eta aspertzen jakitea dagoen jolasik ederrenetakoa da.


Nik umetan...


Liburua irakurri bitartean egin tira zure oroitzapenei eta hitz egin iezaguzu gogoan iltzatuta gelditu zaizun umetako jolas hartaz...