Asmatu bukaera!




Xabier Agirre Irakurle Taldeko kideak jolas polit bat proposatu digu. Lehenengo hilabete honetan genero beltzari heldu diogunez, tankera beretsuko ipuin bat idatzi du berak... bukaera falta zaio, ordea! 
Nor animatzen da Xabierren ipuinari bukaera ematen? Ea bukaera ezberdinak biltzen ditugun. Hari berari korapilo ezberdinak egiteko aukera polita dugu aurrean! Hilabetearen bueltan ea zenbat bukaera asmatzen dizkiogun... Xabierrek prestaturiko bukaera urtarrilaren amaieran argitaratuko dugu.   Egin koxk ipuinari!  San Nicolas-eko hilketa

Eta bukaerak idatzi blogeko sarrerako iruzkinetan. Egin tira irudimenari!

1 comentario:

  1. -Inspektore jauna, oker zabiltza!-erantzun zion Koldok- Nik Emiliari ez nioke inolaz ere minik eginen, maite nuen eta!
    Polizia bikoteak elkarri so eta Koldo atxilotzen du. Koldok ez du kontra egiten, bere patua onartzen du.

    “Zauriaren gainean pikoa” pentsatu du Koldok. Neskalaguna galdu zuenetik halako zurrunbilo beltzean sartu zen. Emilia izan da bere alboan eduki duen adiskide bakarra. “Bihar ere egunak argituko du laztana” erantzuten zion eztiki Emiliak behin eta berriz, Koldok negar malkotan deitzen zionean.

    - Ezin dut! Aska nazazu inspektore jauna!Emilia maitatu, besterik ez dut egin!
    - Guztiok ergelkeri ber-berak erraten dituzue – leporatzen dio Robertok eskuburdinak tinkoago jartzen dizkion bitartean, karrikara atera nahian-. Emiliaren patrikan aurkitu dugun papera hik sinatuta zagok. Zer gehiago behar duk egia aitortzeko?
    - Arrazoi osoa daukazu inspektore jauna eta behin eta berriz gauza ber-bera aitortuko dizuet:Emilia maite nuen. Hori izan da nire delitu bakarra. Gainera, bart gauean ez naiz Emiliarekin egon, ortopedian inbentario zuelakoz.
    - Zer deritzok, Ricardo?
    - Tira,tira Roberto! – giroa lasaitu asmoz- Askazak Koldo, egia ziok eta. Bart gauean aitzurra ederra harrapatu eta etxera lagundu naik.
    - Banengoen ba, ni! Hi beti baztertuen alde!- Roberto sutan- Jaun-andreok, hona hemen munduko salbatzailea!Gauzak guztiak dakizkiena! Ba, hireak egin dik sasikumea! Aurkitutako paperak hire bulegoaren zigilua zeramaan. Zorrilla, hau ere komisaldegira.
    - Roberto, mesedez, Koldok eta Ricardok egia erran diate. Ez atxilotu, mesedez – erregutzen dio Sarak, Robertoren aurrean belaunikatuz eta begietara begira-.
    - Bazakiat ez duala oraindikan gurekikoa ahaztu, baina bada garaia gainditzeko. Oso polita izan zuan iraun zuen bitartean, baina, Roberto, lehenago edo beranduago bukatu dela onartu beharko duk.

    Egoera sinestezina dirudi. Tabernan telebistaren ttarttarra baino ez da entzuten. Guztiak zur eta lur geratu dira, zer egin ez dakitela. Robertok ezin du argi pentsatu. Emiliaren gorpua agertu zenetik ezin izan du atsedenik hartu: kasua ahalik eta lasterren argitzeko Alkatearen premia, bere nagusien konfiantza eza, bere lankideen barreak eta trufak,.. unatua da. Unatua daraman bizitzaz, goizero bakarrik esnatzeaz, benetako lagunik ez izateaz.

    Ricardo eta Sara, horiek dira Robertoren adiskide bakarrak. Sararekikoa bukatu zenetik, zulo beltz batean murgilduta dago eta bere zorigaitza haiei leporatzen die. Bere burua arindu beharra dago, ezin du hola jarraitu.

    - Nahikoa! Pikutara Alkatea eta bere sasikume guztiak! Arrazoi osoa daukan, Sara, gurea bukatu zunan eta bada garaia gainditzeko. Ezin dinat zuek gabe bizi. Nik ez dinat inoiz sinetsi Koldo izan dela, baina nagusiek estutu naiten.
    - Zorrilla, askatu nire lagunak.
    - Baina inspektore jauna, heriotza baten susmagarriak dira, ezin ditugu askatu.
    - Hi ere nire aginduak zalantzan jarri nahian, Zorrilla?Ba, begira.

    Robertok Ricardo eta Koldori eskuburdinak kendu eta zaborrontzira botatzen ditu. Poltsikotik plaka atera eta eskuburdinekin batera doa.

    - Beno Zorrilla, badakik. Orain hoa sator-zulo horretara eta erraiek nire partez antzarak ferratzera joateko!
    - Koldo, aterazak guztiondako erronda bat, hau ospatu beharra zaukaagu, lagunok!

    Zorrilla polizia-autoan urruntzen den bitartean, algara eta adiskidetasuna tabernan nagusitzen dira. Bitartean, telebistaren ttarttarra:….”Jaun-andreok, badugu Emilia Rozasen heriotzari buruzko datu gehiago: Istripu tamalgarria izan da, nonbait. Gorpua agertu den lekuan, suhiltzaileek 500 euroko billetea topatu dute. Billetea jasotzerakoan, suhiltzaile bat irrist egin, adar baten kontra buruz jo eta uretan ahuspez ziplo erori da. Bere lagunen esku hartze goiztiarrari esker, suhiltzailea onik dago. Suhiltzaileek billetea “Behartsuen Senidetxo” Zaharren Egoitzari ematea erabaki dute.”

    ResponderEliminar