Aulki bat desagertzen denean, ipurdi bat umezurtz gelditzen da? Aulki bat desagertzen denean, zirkuluak zirkulu izateari uzten dio? Aulki bat desagertzen denean, zergatik jarraitzen du musikak jolasean? Badira zorabiatzen ez diren jolasak; aspertzen ez diren momentuak; nekatzen ez diren pausoak. Badira etorkizun bihurtzen diren umetako oroitzapenak. Nik umetan... nik umetan jolastu egiten nuen eta gero jolasten jarraitzen nuen eta jolasteari utzi ondoren ere, jolastu egiten nuen. Eta jolasteaz aspertzen nintzenean, jolastu egiten nuen. Jolasten dakien umeak aspertzen ere badaki. Eta aspertzen jakitea dagoen jolasik ederrenetakoa da.
Nik umetan...
Nik umetan...
Liburua irakurri bitartean egin tira zure oroitzapenei eta hitz egin iezaguzu gogoan iltzatuta gelditu zaizun umetako jolas hartaz...
JOLAS EGITEN GENUEN
ResponderEliminarEz dakit inoiz txikia izan ote naizen, edo, beste batera esanda, ez dakit inoiz handitu ote naizen.
Oroitzapenetan atzera eginda, ez dut ikusten oraina eta lehena hausten duen gertakaririk, eta, hortaz, txikia nintzeneko jolasak atzokoak egiten zaizkit.
Hamar urte inguru izango genituen guztiok. Gure herrian dena da aldapa, eta gure auzunean etorkin etorri berriek izandako ume piloa han ibiltzen ginen gora eta behera. Taldeak edo koadrilak portalen (peorak, Eibarko hizkeran) araberakoak izaten ziren, gurean Amaña C kaleko 14tik 17rako ume-jendea ibiltzen ginen, 10 edo 15 mutil koskorrak, denak batera. Denborarekin talde berriak sortuko ziren, eskola, adina, hizkuntza edo kirol-zaletasunak bultzatuta. Gauza da arratsaldero bokadiloa hartuta kalera ateratzen ginela guztiok.
Baditut garai hartako bi jostatzeko modu ondo gogoan. Bata txapa-karrera zen. Lurrean klarionaz bide bihurri bat egiten zen, tartean seguritateko hasierak marraztu (bidetik ateraz gero, hasiera nagusira joan beharrik ez izateko), bidegurutzeak egin, non lau zatitan banatuta aurrera egiteko zeure norabidekoan erori behar zenuen, edo marra bakarreko bide zatia, arrasto gainean txapa kanpora atera gabe ibili beharrekoa. Txapak inguruko taberna ugarien hondokinak ziren (Cinzano, Kas, Coca-cola, zerbera eta abarrekoak), garaiko futbolari edo superheroien argazkia erdian jarri, kristal borobildua (tabernetako pertsianak artisau lan hau egiteko gure makina-erreminta ziren) argazkien gainean txertatu eta bueltan-bueltan plastilina. Bakoitzak dozena bat txapa genuen. Arinak eta astunak, azkarrak eta motelak bidearen arabera aukeratzen genituen. Karreran zehar eta karreratik karrerara txapa-merkataritza egiten zen: “Zure Cinzanoko hori, nire bi Kasekoen truke...” Haserreak eta tranpak etengabe. Nola bestela!
Beste joko bat futbola zen, noski. Baina gure Nou Camp-a kaleko espaloia zen, lanetik etxera edo tabernaz taberna zebilen jendearen artean ostikoka ibiltzen ginen. Espaloiak aldapa dezentea zuen, eta baloia gauza preziatua zen, trenbidea ondoan baitzegoen. Hara eroriz gero, agur baloia. Hortaz gurea harria izan zitekeen edo plastikozko boteila bat. Ongi gogoan dut lejia-boteila hori haren tapoi urdina nola atera zen itxaperoa bezala gora, boteila airean bueltaka, eta, horra oroitzapenaren arrazoia, nola boteilaren azken parrastadek eta tantek gure galtza eta nikietan betirako arrastoak utzi zituzten.
Hura izan zen etxerako sarrera!
Xabier Agirre
... nola boteilaren azken parrastadek eta tantek gure galtza eta nikietan betirako arrastoak utzi zituzten...
EliminarNi galtza eta nikirik gabe ibiltzen nintzen... non gelditu dira nire arrastoak?
Lejiak ez du uzten arrastorik azalean, akaso erredura sentsazio txikiren bat...
EliminarHala izan balitz zure esperientzia. gaitz erdi, azaleko hazkurak sendagarriak baitira. Barrenekoak iraunkorragoak dira, ezin osatuzkoak askotan.
Rilkek esan zuen gizakiak duen benetako aberria haurtzaroa dela? Bada, egia zioen. Denboran eraikia dagoelako, beti itzul gaitezke hara, deserrian bizi bagara ere.
Nik umetan kaka eginarazten nien nire arrebaren panpinei, haserretu eta ipurdia garbi niezaien. Nik umetan harriak urrun haizatzen nituen, behaztopatzekotan harri berarekin behaztopa ez nendin. Ni umetan autoen joan-etorriekin tematzen nintzen, gorria,zuria,beltza. Nik umetan begiak itxita zenbatzen nituen hamaikatik aurrerako zenbakiak. Nik umetan Patri postariaren eskutitzak lapurtzen nituen. Nik umetan Jaunaren baimeik gabe astintzen nituen auzolagunen aldabak. Nik umetan, neurearekin aski ez, eta besteen bizitzak bizitzen nituen. Ni umetan ume izatera jolasten nintzen.
ResponderEliminarEta jakin al daiteke nor den zure arreba? Eta nongoak ziren harriak? Eta nora joaten ziren autoak? Eta ze zenbaki topatzen dituzun hamaikatik aurrera? Eta Patriri nork idazten zizkion eskutitzak (postariei inork idazten dizkie eskutitzak?)? Eta nolako aurpegia jartzen zuten auzokoek? Eta norenak ziren besteen bizitzak? Jakin al daiteke? ;-D
EliminarGu ere kaleko umeak izan gara, belaunak urratu ditugu, hortzak puskatu ditugu, ipurdia zikindu dugu, hanka sartu eta hanka atera dugu, zabuetan oinekin zerua ukitu dugu, hotzak mukiak zintzilikario bihurtu dizkigu...
ResponderEliminarBaina, oroitzapenei hozka egiten didan jolasa etxekoa dut, etxean aritzen nintzen, etxeko logelan.
Nituen panpina guztiak ohe gainean jartzen nituen, ohea bete panpin, zintzo-zintzo denak irakasleari begira. Eta irakaslea ni. Nire etxeko logelako eskolan orduro matematika izaten genuen. Egunean sei ordu, astean bost egun. Beti matematika. Eta matematika ariketak egiten genituen, egin eta egin, batuketak eta kenketak eta biderketak eta zatiketak; buruketaren batekin ausartzen ginen, baina, batez ere batuketak eta kenketak egiten genituen, batuketa eta kenketa zailak, bi gehi hiru eta bost ken lau eta horrelakoak...
Panpinek (Leire, Enara, Idoia, Asier, Manex, Jon, Iñigo, Elene, Josune, Iñaki...) ariketak egiten zituzten (noski, ni neu nintzen Leire, Enara, Idoia, Asier, Manex, Jon, Iñigo, Elene, Josune, Iñaki...), batzuk trebeak ziren eta beste batzuk ez hain trebeak (nik neuk egiten nituen ariketak ongi eta nik neuk egiten nituen ariketak gaizki). Eta irakasleak zuzendu egiten zituen gero ariketak. Ariketa asko, milioika ariketa, mila milioika ariketa. Eta ni nintzen irakaslea. Ni nintzen ikasleak eta ni nintzen irakaslea. Eta ongi egiten zuenari txupa txusak oparitzen nizkion eta gaizki egiten zuenari errieta egin eta ariketa gehiago jartzen nizkion. Ni neu nintzen txupa txus guztiak jaten zituena eta errieta guztiak jasotzen zituen eta ariketa gehiago egiten zituena.
Hori bai, hitz egiten zuten asko. Irakasleak ikasleekin. Eta ikasleek irakaslearekin. Eta ikasleek ikasleekin.
Oraindik ere jolas berean aritzen naiz jolasean. Orain etxeko logelan jolastu ordez, institutuan aritzen naiz jolasean.
Nik umetan,...Xabierrek bezala, txapak bildu, prestatu eta haiekin jolastu egiten nuen. Aita tabernaria izanik, ez nuen arazoa lehengaiaz probesteko. Kanikak ere baziren, baina garestiak gure poltsikorako.Bertze joku bat itsasontzi lasterketa genuen gusutuko, azken bolada honetan jasaten ari garen egun euritsuak aproposenak ziren gure Munduko Txapelketak antolatzeko. Hona hemen itsasontzien ekoizpen prozesua: Ezer baino lehen, intxaurrak kraskatu oskola hautsi gabe, bi "kaskoak" lortzeko; intxaurra jan, barnekoa plastilinaz bete pisua emateko eta lasterketetan irauli ez zedin, txotxa jarri eta belaontzia txotxari itsatsi. Belaontzian hainbat herrialderen bandera marrazten genuen, gure hiztegiaren azken orrialdeetan agertzen zirenetarikoak, batez ere Asiako edo Afrikako banderak. Gero kalera atera eta euri-errekastoetan txapelketa ederrak antolatzen genituen. Kontu handiz ibili behar genuen estolda-zulo madarikatuek gure arratsalde osoko lana ti-ta batean ez irensteko.
ResponderEliminar