2012-01-31

VREDAMAN


Sei oinetakotan sei oin kabitzen dira? Norenak dira oinetakoak? Oinetakoaren koloreak ba al du erlazioarik oinetako horiek jantzi dituen mutikoaren (edo neskatoaren) begien kolorearekin? Aterkia hain handia da? Euria ari du? Elurra akaso? Aterkipean dauden mutikoak (edo neskatoak, edo aitonak, edo amonak, edo irakasleak, edo...) ilehoriak dira? Beltzaranak? Betaurrekoak dituzte? Zer ezkutatzen dute? Zerbait ezkutatzen dute? Elkarri muxuka ari dira? Hiruretakoren bat negarrez ari da? Hiru daude? Eta gabardinak zenbat pisatzen du? Vredaman nor da? Vreda izena duen gizona? Unaik kaxoian ezkutuan zuen argazkietako bat ote da liburuaren azala?

Liburua irakurtzen hasi aurretik egin tira zure irudimenari eta irudikatu irudiak atzean ezkutatzen duen istorio txikia...

15 comentarios:

  1. Hiru lagun (neskato, mutiko, aitona, amona, irakasle,...), hiru bihotz, hiru pentsamendu. Hotzez, beldurrez euritako azpian. Edo euriaz babestu (ezkutatu) nahian, besterik ez. Edo beharbada ez bakarrik euriaz, beharbada munduaz ere bai. Edo laugarren lagun batez (neskato, mutiko, aitona, amona, irakasle... batez), agian. Lagun ona edo txarra. Txantxetan ala serio.

    Eta mamurik existitzen al da neskato, mutiko, aitona, amona, irakasle … izan daitekeenik? Bai, mamuek itxura asko har baititzakete. Akaso mamua izango da laugarren lagun hori. Ona edo txarra. Txantxetan ala serio. Baina … nik momentuz txantxetan hartuko dut. Honek ez du nobela beltzaren itxurarik … azal gris-grisa bai, baina beltza ez dut uste.

    ResponderEliminar
  2. Helena2/10/2012

    Aspaldian idazteko gogoak izan arren denbora joaten zait.
    Nire ustetan Vredaman toki alemaniarra da. Euritakoaren azpian dauden hiru pertsonen artean eskuinetakoa neska da, hankak finagoak dituelako eta gainontzekoak mutilak. Nahiz eta euria ez ari euritako eta gabardinaren azpian daude eta nik uste dut lotzen dituzten bi elementuak direla. Lotura eta intimidadea ematen diete. Akaso zuk edonorrekin konpartitzen dituzu berokia eta euritakoa?Adoleszente batzuk ametsetan, helduen zapatan jarrita, hau da , etorkizunari begira?
    Amestutakoa beteko zaie?
    Arropak gerrate ondokoa dirudi. Ze gerratekoa? II Gerratekoa, Gerra Zibilekoa eta errepublikanoak ote?
    Ai, ene banoa irakurtzera ea barrukoak argitzen nauen.

    ResponderEliminar
  3. Sei oinetakotan bi ipuin kabitzen dira (beltzak, arrosak, berdeak...). Edozeinen oinetakoetan bezala, aurrera egitean ipuinak marrazten dituztelako gure pausoek, idazle-banpiroren baten harrapakin. Eta, pauso bakoitzaren koloreak (beltza, arrosa, berdea...), idazlearen begirada pintatzen du (beltza, arrosa, berdea...), idazle-ibiltariaren begirada. Euritakoek babesa eskaintzen diete ipuinak galdu nahi ez dituzten idazle-ibiltariei, kanpoko egietatik babesten dituzte ipuinak, gezurrak irribarre (ameslari, bihurri, jolasti...) bilakatu artean. Euritakoek ipuinak biltzen dituzte, mutikoen (edo neskatoen, edo amonen, edo aitonen, edo irakasleen, edo...) begiraden koloreetakoak. Liburuen azalak idazle-banpiroek bidean aurkitutako oinazeei lapurtutako argazkiak dira, norbaiten zapatek marraztu zuten istorioaren isla.

    Zoragarria da sortu duzuen ikasle-irakasle-guraso-liburu harremana. Ni zelatan izango nauzue, hodei artetik begira.

    Itzi, iruzkin mundiala!! Zurekin (kontra inoiz ez) lehiatzeak beldurra ematen dit...

    Muxu infinitu-hegalari bat goierritar usaina duen Ttarttar horri

    ResponderEliminar
  4. Imajinatzen dituzue zeuen buruak aterkipean? ;-) Itzi, Helena eta Miru! A ze hiru sorgin! Zertaz hitz egingo zenukete aterkipean?

    ResponderEliminar
  5. Nik ere sartu nahi dut aterkipe horretan!!

    Santi, Mattin eta Sara daude lurrean (lurrean?) eserita. Elkarrekin aurpegiak trukatzen ari dira. Ihauteriak gainean ditugulako? Ez, ez dut uste. Elkarrekin aurpegiak trukatzen ari dira; bizitzak esku artean jarri dien jolas horietako bat da. Eta beraiek jolastea dute maite. Bizitza jolas huts (eta bete) dela ikasi zuten umetan. Eta gaztetu direnean, bizitza jolasten jarraitu nahi dutenez (edo jolasa bizi-bide bihurtu nahi dutenez...) horrelakoak (bakoitzak erabaki dezala zer diren umetan asmatzen diren horrelako jolasaka!) egiten dituzte.

    Inor konturatu al da Santik zer daunak eskumuturrean?

    ResponderEliminar
  6. xabier agirre2/21/2012

    Hiru anaia joan ginen Epsom-era derby egunean. Zapata handiegiak eta galtza motzegiak genituen, eta aterpean egon nahi genuen. Egun horretan, neuk, ezkerrekoak, zapatak okerreko oinetan jantzi nituen, goizean zaldi-karrerara joateko presaka ibili baikinen. Aitaren zapatak ziren, nahiko handiak ezker nahiz eskuinean minik ez emateko. Ama hil berria, aitak dotore joan behar genuela esan zigun egun hartan, eta halaxe egin genuen, geure jaieguneko arropa zegoeneko txikia genuela ohartu gabe.

    Neurekin Denis eta Frank etorri ziren, geure anaia bikiak. Biziki maite zituzten zaldi-karrerak geure anaia bikiek. Garai hartan hamarna urte zituzten; neuk, zerbait zaharrago, hamabi. Euri tantak hasi ziren eta ez genuen busti nahi. Bat-batean majo ekin zion euriak. Gure sarrerek ez ziguten ematen aterperako eskubiderik. Guardasola ireki eta espaloi-koxka batean eseri ginen bozgorailuetatik karreren hasiera iragarri zain.

    Gerora jakin dudanez, Suitzan jaiotako argazkilari bat, Andreas Heumann, handik zebilen Ingalaterrara egin ohi zituen bidaietako batean. Geu konturatzerako erretratua atera eta argazkimakinaren tripatxoan eraman gintuen geuk ezer jakin gabe.

    Karrera hartako irabazlea Royal Palace izan zen, George Moore gainean zuelarik. Bi gorputz t’erdi atera zizkion bigarrenari. Ber-bertatik ikusten dut laisterketa hura.

    Denborak aurrera egin zuen, eta nagusitu nintzenean, argazki honekin egin nuen topo ardoaren gaineko Harpers izeneko aldizkarian. Berehala ezagutu nituen oker jantzitako aitaren zapatak, eta berehala ezagutu nituen geure anaia bikien trazak, eta guardasola ere ezagutu nuen.

    Ondo gogoan dut egun hura. Orain aita-amak eta anaiak, denak falta zaizkit, eta argazki soilaz gomuta egiten dut garai zoragarri hartaz, Epsom-eko zaldi-karrerak ikustera joaten ginenekoaz

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Hara, Xabi! Ze ederra!

      Eta Vredaman? Nor zen edo zer zen? Royal Palaceren ezizena? Andreasen argazki makinaren marka? Aitaren izena? Zapatek atzeko aldean idatzita zeramatena?

      Besarkada potolo bat!

      Eliminar
  7. xabier agirre2/27/2012

    Kaixo Ttarttar,

    Ikerketatxo bat eginez, ejem, google-n begiratuz, Vredaman izenaren zergatia aurkitu dut.

    Hona azalpena "Confesaré que mirada y remirada la novela no he logrado saber siquiera qué significa esa desconocida palabra, “Vredaman”, ni a cuento de qué viene. Una información de la editorial que el libro no facilita desvela el enigma: el término une el nombre de un personaje de Faulkner y el del pintor holandés Vredeman de Vrie. Es decir, Elorriaga hace lo que quiere sin atenerse a las convenciones".

    Egia esan helburu estetiko nabarmena dauka hitzak. Lortzen al du hori liburuan? Idazkera infantil horrek zerbait gehiago iradokitzen al digu?

    "The answer, my friend, is in the wind" zioen Bod Dylan-ek. Airean utziko dugu erantzuna...

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Airean uztea baino akaso berari, Unairi, galdetzea onena! Ea putz egin eta galderak erantzuna ekartzen digun bueltan!

      Eliminar
  8. Ekaitz2/27/2012

    Arratsalde on Ttarttar!
    Nik ere egin nahi nioke bada tira argazkiak iradokitzen didanari. Euskal Herriko herri galduren batekoak behar dute oin horiek inondik ere. Kastellanoz zerbait dakilelakoan, Pello Zabalaren eguraldi iragarpenari kasu egin eta hara. Eguzkitik babeste aldera "Guardasola" hartu eta bidean euriak harrapatu gure basarritxarrak. Eskerrak, txapelak ez bezala, euritako batek hiru buru estaltzen dituen!

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Ba hoixe, Ekaitz! Guardasola buruan eta ibili munduan! Hurrengo saioan gure artean izango zaitugu?

      Eliminar
  9. Benetan, mundiala esku artean darabikizuen jokoa; nork esan tertuli literario batek hainbeste eman zezakenik, non? eta Nafarroan, Iruña gerri buelta horretan. BEJONDAIZUELA ETA SEGI HORRELA!

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Gerri buelta zabala dugu bai, askorako tokia eskaintzen duena. Guri elkartzea gustatzen zaigu! Gonbidatuta zaude, Muru!

      Eliminar
  10. Harrituta, txundituta naukazue zuen irakur proiektu horrekin: guraso, ikasle, irakasle, zer eta, danak batera. Alajaina, benetan ederra!!! Ea hurrengo liburu eskaintzatik zintzilikatzen naizen eta elkar solasean jartzen garen. Bitartean, muxu potolo bat.

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Hurrengo liburuaren berri... ostiralean! Sorpresa! Zutik egoteaz nekatu gara eta aulki artera egin nahi dugu hurrengo hilabetean salto; eserita egonik ere ibiltzen ikasi genuelako!

      Eliminar